• Mayo
    PLASTIKOEN PANDEMIA. LARRIALDIAK ETA LARRIALDIAK.
    Larrialdi egoera guztien aurrean agintari politikoen eta komunikabideen jokamoldea oso ezberdina izan ohi da.
    Adibidez, urtero 8 miloi tona plastiko gehiago jaurtikitzen ditugu ozeanoetara. Kalkulatzen da 269.000 tona plastikok hartzen dutela munduko ozeanoen gainazala. Beste guztia edo itsasoaren hondoan dago pilatuta, edo uretan mikropartikuletan zatituta. Urte gutxitan aurre ikusten da itsasoan plastiko kantitatea arrainena baino handiagoa izango dela.
    Plastikoa uraren arerio den aldetik, gizakiona ere behar luke, urik gabe ezin baita bizi.
    Egoera hain larria izanda esan beharra dago Europako plastikoen %30a baino ez dela birziklatzen. Gaur eguneko ekoizpen industrialaren prozesua lineala baita: ekoiztu, saldu, erabili eta bota. Eta gehienak bota egiten badira toki batzuetan erraustuak edo lurperatuak izango dira, eta beste batzuetan zuzenean ingurumenean pilatuko dira. Horren zati bat ibaien bitartez itsasoraino ailegatuko da.
    SPI amerikar kode sistemak plastikoa 6 taldetan sailkatu du. Denak dira birziklagarriak. Gaur egun 1.taldeko plastikoak, PET, dira gehien birziklatzen direnak, hots, ur botilak. Beste guztiak ere birzikla daitezke: erosketa poltsak, erabilera bakarreko jan tresnak, botila tapak, xanpu eta kosmetika ontziak, tuperrak…
    Birziklatzea egokia izan daiteke erabilitako plastikoak “berreskuratzeko” baina arazoari aurre egiteko beste bide batzuk ere beti aipatzen dira: plastikoaren kontsumoa errotik murriztea, erabilera bakarreko kontsumoa aldatzea, material biodegradagarriak erabiltzea...
    Amaitzeko, birus pandemiko honen aurrean hartu diren neurriek, agintariek hartutako neurriek, erakutsi digute posible dela ia populazio osoak emandako aginduak betetzea, ekonomiaren arlo garrantzitsu batzuk – petrolioa, turismoa, hegazkin enpresak, hamaika autonomo… - kolapsora eraman arren. Plastikoaren pandemiari aurre egiteko sasoia ere ailegatu da. Ea noiz hartzen dituzten gure agintariek arazo handiari aurre egiteko tamaina bereko neurriak.



    Lezama Bizirk