Bi arazo handi eta orain arte konponbiderik gabe daudenak. Panpa belarra neurririk gabe zabaltzen ari da. Hasieran autopisten inguruan, errepideen ondoan eta orubeetan. Orain, mendietan gora, basoak ere inbaditzen ari da. Itxaron beharko dugu noraino zabaltzen den neurri eraginkorrak hartzeko? Bera bakarrik ez du ematen gelditu denik edo atzera egingo duenik. Argi dagoena da gero eta garestiagoa izango dela toki guztietatik erauztea. Azken finean Panpa belarraren kontra ezer ez egiteko aitzakia oso garestia dela da, edota baliabide nahikorik ez dagoela. Gauza bera gertatzen ari da liztor asiarra edo liztor beltzarekin. 2010ean sartu zen Hego Euskal Herrian eta Lezaman 2014an topatu zituzten lehen habiak. 2015ean nonahi ikusi ditugu: herrian, herri inguruan, mendian… Azaroan/abenduan lur azpian sartuko dira eta martxoa/apirila arte ez ditugu ikusiko. Orduan hasiko dira habi txikiak egiten aterpeetan, leihoetan, pareten zuloetan…Maiatzetik aurrera habi txikiak laga eta behin betikoak egingo dituzte liztor erreginak eta langileek. Gehienetan leku irekiagoan izaten dira, zuhaitzetan zein eraikinetan. Hori da momenturik egokiena habiak kentzeko, eskubaloiko baloiaren tamainakoak baitira.
Irailean/urrian habiek tamainarik handiena izaten dute: 40/80 zentimetroko diametroa eta metroko altuera. Bertan 2.000 liztor eta 6.000 arrautza eta larba bizi daitezke. Fase horretan kentzea zailagoa da. Kontuak kontu liztor beltza erleen hiltzaile handia da, bere ziztadak erleenak baino askoz ere bortitzagoak dira –larrialdietara joatea komeni da-, fruta helduak jaten eta hondatzen dituzte, beste intsektu batzuk ere jaten dituzte, polinizazio arazoak izango ditugu… Hori guztia jakinda ere… Diputazioak, Udalak, Eusko Jaurlaritzak arazo larritzat kalifikatuta ere… ez omen dago inongo aurrekonturik arazoei –Panpa zein liztor asiarra- aurre egiteko. Batak gure mendiak “jango ditu” eta besteak gure erleak eta frutak. Konponbidea MAGIAREN bitartez etorriko delakoan, zain geratuko gara. Ezin ahaztu, hala ere, Lezamako Udalak proposatzen duen irtenbide praktikoa: balio estrategiko handiko nekazal lurrak –Aretxalde- industriala kalifikatu eta asfaltoaren azpian desagertuko dira Panpa belar guztiak, eta liztorrak gosez hilko dira asfaltoa jateko gai ez omen direlako. Izorra daitezela makalak izateagatik!.