Oxido kuprosoa. Foru Aldundiak ahalbideratzen duen tratamendua gaixotutako pinudietan.
Foru Aldundiak aurrera jarraitzen du bere asmoarekin tratamendu eztabaidagarri hau aplikatzeko. Hori dela eta airez fumigatzeko debekua jaso eta segituan , lurretik aplikatzeko baldintzak argitaratu ditu.....
-Zein pinuditan? 25 urte baino gutxiago eta %75eko defoliazioa dutenetan.
-Zenbatetan? 2 bider gehienez. 2 edo 3 asteko epea gorde egin behar da bien artean.
-Noiz? Apirilaren 1etik uztailaren 29ra
-Distantziak eta salbuespen zonak. Debekatuta egongo da tratamendua aplikatzea gutxienez 100 metrora : herriguneak, eraikinak, errekak edo ibaiak, urtegiak, lakuak, toki hezeak edo ur-hartuneak –lur-azpikoak zein azalekoak-.
-Zenbat bota behar da? Gehienez 1,6 kilo hektareako.
-Zeinek egingo du? Jabe pribatuen esku geratzen dira tratamenduak edo horiek kontratatzen dituzten enpresen esku. Tratamendua lurretik aplikatu behar da, eta ez airetik.
-Zeinek kontrolatuko du? Jabeek jakinarazi beharko dute zer lur zati tratatuko duten eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren ardura izango da baimenak ematea eta tratamenduak ondo aplikatzen direla ziurtatzea.
Baina baldintza horiek irakurrita, guri zalantza berri batzuk datozkigu burura:
Tratamendua lurretik aplikatu behar bada ze traktore, depositu edota mangera mota beharko dira?. Benetan pinuak banan-banan fumigatu dutela?. Pista asko itxita egongo dira; pinudiak sasiz eta moztutako adarrez beteta; aldapara asko pikoegiak izango dira; oso mangera luzeak beharko dira … egia da ehunka hektarea horrela tratatuko dutela? . Guk oso zaila ikusten dugu .
Errespetatu beharreko 100 metroko distantzian errekak, ibaiak, iturriak, hezeguneak, etxeak… direla eta, tratamendua erabiltzea ez da ezinezkoa izango pinudi askotan ?.
Zenbat pertsona egongo dira ikustatzen baldintza horiek zorrotz beteko direla, edo ez ikusiarena egingo dute, beste askotan bezala? Edo esango digute ez daukatela nahiko langilerik hori dena kontrolatzeko?
Esku-lanak, denborak… tratamendua garestituko du. Beraz, Diputazioak ordainduko du edo subentzionatuko du dena?
Hori dena aurreikusita, Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioak berehala aurkeztu zituzten alegazioak fumigatzeko debekuaren kontra, hasieratik euren helburua izan baita, eta baita, airetik fumigatzea. Beste guztia berdin zaiela dirudi: biozida bat airez zabaltzea, lurreko onddo guztiak akabatzea eta horrek ingurumenean izango duen inpaktua … Horrek ez omen dauka inongo kosturik, dena dohainik.