• Diciembre
    OLENTZEROARI GUTUNA
    Olentzero maitea:
    Aurten ezer eskatu baino lehen gauza bat kontatu nahi dizut.
    Badakizu Lezamakoa naizela eta batzuetan gurasoekin etxe inguruan ibiltzen garela paseatzen, eta beste batzuetan apurtxo bat urrutiago joaten garela. Aurreko batean
    Aretxalde auzoan ibili ginen. Oso auzo polita da!, nahiz eta orain errepide handi batek zeharkatzen duen, “korredorea” deitzen diote, eta bertatik kotxe ugari pasatzen dira, baita kamioiak ere. Zarata handia ateratzen dute eta ke pilo bat botatzen dute.
    Baso batean sartu eta errekatxo bat ikusi genuen. Nire amak kontatu zidan txikitan bere laguntxoekin sarritan joaten zela meriendatzera eta jolastera. Eta harrigarriena, askotan karramarroak hartzen zituztela harrien azpian. Basoan arbola handiak eta ederrak ere baziren eta aitak esan zidan hortik zetorrela auzoaren izena. Eta horrela aritu ginen kontu-kontari, eta oso ondo pasatu genuen.
    Baina gero, etxerako bueltan, oso triste jarri nintzen. Gurasoek esan zidaten agian urte gutxi barru ezingo ginela bertara joan, errepide handiagoa egin nahi zutela, arbolak bota eta gasolindegi erraldoi bat egin, galipota eta zementuz inguru guztia bete…
    Nire aitak esaten du aberats batzuek aparkalekuak egin nahi dituztela kamioak lagatzeko, eta kea eta usain txarra botatzen duten fabrikak, eta natura kutsatuko dutenak…
    Pena handia emango lidake nagusia naizenean nire seme-alabekin ezin joateak eta horregatik aurten erabaki dut jostailuak eskatu beharrean askoz ere gehiago desiratzen dudan beste zerbait zuri eskatzea: zuk konbentzitzea pertsona aberats horiek Aretxalden kalte gehiagorik ez egiteko, nahikoa dela errepide handiarekin, galipota, asfaltoa, zaborra eta itxitako
    pabiloiak soberan dituztela. Ez dezatela Aretxalde gehiago hondatu, oraindik ere bertan dauden basoak nahi ditugula, eta ibaiak, eta zelaiak, eta soloak, eta baserriak…
    Hori da aurten eskatzen dizudana. Eskolako laguntxo batzuek esan didaten hainbat gauza polit ere eskatu nahi dizutela. Batzuek eskola handiagoa nahi dute, eta leku gehiago
    ikasteko eta jolasteko. Beste batzuei gustatuko litzaieke bide-gorri txukun batetik bizikletaz eskolara joateko aukera izatea. inongo arriskurik gabe. Beste batzuek gustura ikusiko lukete herriaren erditik pasatzen den ibaia ondo garbituta, arbolez beteta eta bidez inguratuta, bertan disfrutatzeko; edo parkeak, herrian geratzen diren gune berdeetan etxebizitza gehiagoren ordez. Eta gauza gehiago…
    Niri ere gauza horiek guztiak gustatzen zaizkit, baina badakit oso lanpetuta zabiltzala garai honetan eta horregatik konformatuko naiz zure magia erabiltzen baduzu Aretxalde auzoa babesteko. Babesteko, zaintzeko eta ez uzteko gehiago hondatzen. Etorkizunean ere disfruta dezagun. Niri ilusio handia egingo lidake eta uste dut nire gurasoei eta laguntxoei ere bai.
    Bihotz-bihotzez eskerrik asko Olentzero
    Olentzeroren
    Lezama Bizirk