• Octubre
    LEZAMAKO HERRI IBILBIDEAK AURRERA
    2006an hainbat lezamar, aspertuta oinez zein karraderaz errepidearen bazterretik ibiltzearekin, elkartu ginen eta antzinako hainbat auzo eta mendi bide errekuperatzea eta mantentzea erabaki genuen. Horretarako kontaktuan jarri ginen Udala eta herriko kultur eta kirol elkarte guztiekin. Horietatik Lezama Bizirik Auzo Elkarteak, Zorrizketan Euskara Elkarteak, Basobaltz eta Goitioltza Jai Batzordeek, Oxangoiti Kultur Elkarteak, Ekidazu Abesbatzak eta Gurasoen Elkarteak bat egin zuten ekimenarekin.

    Auzolanean hainbat bide errekuperatu zen, baina egindakoaren mantenimendua zein hobekuntzak egiteko, borondateaz gain, dirua ere behar zen. Babes ofizialik ez zen lortu eta hori izan zen Lezamako Mugetatik abian ipintzeko arrazoietako bat. 2006ko irailaren 2an lehen mendi martxa egin zen, eta ordutik hona, urtero, era guztietako ibilbideak zabaldu egin dira, mantendu egin dira, baita ezagutzera eman ere.

    2010ean beste urrats bat eman genuen eta aipatutako elkarteen laguntzaz, eta administrazioaren laguntzarik gabe, aldizkari bat atera zen, 4 ibilbide laburren deskribapenarekin: Elorria 5,8km., Torrea 5,5km., Legina 5,6 km., eta Basabilbaso 6,3 km. Aldizkaria, doan, Lezamako denda, eskola eta tabernetan banatu zen. Aldizkariak harrera ona izan zuen eta, agian, batzuek oraindik ere etxean izango duzue.

    2016an, Gailur elkartearen 25. urteurrenaren testuinguruan, berriz ere martxan jarri da Lezamako auzo-bideen proiektua. Bilera batzuren ondoren esan dezakegu akordioa dagoela Udala, Mugetatik Kluba, Zorribike eta Gailurren artean, berriro ere auzolanean, orain dela 10 urte hasi genuen lanari jarraipena eta sendotasuna emateko. Horretarako Elorria eta Torreko ibilbideak bide ofizialak izateko tramiteak hasi dira. Hori dela eta dagokien erakundeetan eskatu behar da 2 ibilbide horiek bide laburren (PR- Pequeño Recorrido) katalogoan erregistratzea eta hainbat ardura onartzea, besteak beste: bideen garbiketa, seinalizazioa, panelak jarri, informazioa zabaldu…
    Horretaz gain beste 2 ibilbide ere zehaztu, garbitu, markatu eta ezagutaraziko dira: bat Basilbasokoa, eta bestea, luzeagoa, Gangurengo tontorraraino ailegatzen dena. Azken horien lanak aurreratu nahi dira eta datorren urtean erregistratzeko eskaera egin.

    Lezama Bizirik-ek akordioa txalotzen du eta beste herriko elkarteetara ere zabaltzea interesgarria litzatekeela pentsatzen dugu, batez ere izaera edo helburu kulturalak dituztenetara. Amaitzeko, gure aldetik, prest gaude parte hartu eta behar den guztian laguntzeko.


    Lezama Bizirk