Abra Bizirik Getxoko Plataformaren protesta ekintza bat :
Bizkaiko Batzar Nagusien Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean izan gara gaur goizean Abra Bizirik Getxoko Plataformako kideak eta bertan itsas-hondoak eta hondartzak babestearen aldeko jarrera hartzea eskatu diegu Bizakaiko Batzar Nagusiei (BBNN).
Bertan batzordekideei Bilboko Portu Agintaritzak 2009an eta 2010ean burutu zituen eta irailetik aurrera Luzuero lurmuturraren aurrean Abra kanpoaldean burutu nahi dituen harea erauste lanei buruzko informazioa eta iritzia helarazi diegu.
Bilboko Portuaren handitze lanetarako 49 milioi m3-ko harea erausteak itsas-hondoan kalte atzeraezinak eragingo lituzke eta faunan eta floran kalte larriak eragiteaz gain, denboraleetan olatuen indarra handituz hondartzen egonkortasuna arriskuan jar dezake. Horrez gain dragatze gunean dagoen kutsadura zati batean itsasora bueltatuko da eta eremu handiago batean zabaldu egingo da. Kosta legeak, hondartzak sortzeko eta berreskuratzeko ez bada, itsas-hondotik eraikuntzarako materialak ateratzea debekatu egiten du. Tamalez, 2013ko maiatzaren 8ko Ingurugiro Adierazpenak Luzuero lurmutur aurreko harea erausteak, baldintza batzuk zehaztuz, burutzeko bide eman zuen.
Egungo egoeraren berri ere eman dugu.
Apirilean eta maiatzean harea erauste lanak egin ziren Luzuero muturraren aurrean. Willem Van Oranje draga-untziak itsas-hondotik ateratako hondarrak AZ-2 eta AZ-3 kaien arteko gunea betetzeko erabili ziren, harea erauste proiektuan beteketa lan hauek zerrendatuta ez badaude ere. Egindako lan hauek burutu aurretik eta bitartean derrigorrezkoa den Ingurugiro Zaintza Programa ez da aktibatu izan.
Bilboko Portu Agintaritzak irailerako iragarri ditu Erdiko Kaiaren eraikuntza lanen hasiera. Lan hauek 39 hilabeteko iraupena izango dute. Itsas-hondoetatik 8,5 milioi m3 harea atera nahi dute. Draga lanak burutzeko baimenduta dagoen sistema, “lavado de finos” izenekoa, antzeko kutsadura mailak zituen Xixongo portuaren lanetarako debekatu egin zen.
Hiru eskaera egin dizkiegu Bizkaiko Batzar Nagusie:
• 2010eko maiatzean egin zuten bezala, itsaso zabalean burutu nahi diren harea erausteen kontrako jarrera hartzea.
• Bilboko Portu Agintaritzari eskatzea, Luzuero lurmutur aurreko harea erausteak burutzekotan, 2013ko Ingurugiro Adierazpenak ezartzen dituen baldintzak eta Ingurugiro Zaintza Programa zorrozki bete daitezen.
• Apirilean eta maiatzean Bilboko Portu Agintaritzak aginduta Willem Van Oranje dragauntziak Luzuero lurmutur aurreko gunean egindako harea erauste lanak eta balizko arau hausteak ikertzea.
Bilbon, 2016ko uztailaren 28an