“Larrialdi klimatikoa” delako honetan sartuta gaude jada, eta beti bezala, urteak daramatzagun arren esaten hau gertatuko zela, berdin jarraitu dugu; garapen deskontrolatuaren bidetik, erreserba naturalen despilfarroan gure kontsumo bidegaberako; guzti honek natura suntsitzea ekarri du eta aldi berean berarengandik urruntzea.
Ezjakinak egitea azken batean, besteen eskuetan uztea dena, agintariek programatzen duten araberan.
Norbanakoei ere hori gertatu zaigu, naturan eta naturatik bizi izan garenoi ere, besteen eskuetan ari gara uzten erabaki garrantzitsuak, zer landatu gure basoetan adibidez. Zer dela eta aipatzen da hainbestetan “bioaniztasuna” hitza gure lurraldeak eta herriek oso paisaia dibertsoak izan baditu?
Ez da izango kasualitatez horrekin guztiarekin amaitzear gaudelako-daudelako? Zer zainduko dugu ezer ez zaigunean geratuko?
Ezer ez esaten dugunean, BASOAK, esan nahi dugu.
Lezaman eta Euskal Herrian, baso eta toki ederrak izan ditugu, horren lekuko toponimia aberatsa: Urresti, Aretxalde, Urkiola, Lizarra, Lizarrusti, Pagoeta, Pagadi, Intxaurrondo, Elorria, Elorriaga, Ereño, Intxaurza, Gorostiaga, Gaztañaga, Ezkurdia, Arteaga, Artea, Zumarraga, Altza, Ezpeleta….eta abar eta abar.
Zenbat toponimoetan aurki ditzakegu ”eukalipto” hitzetik datorren jatorriren bat? Bat ere ez, elementu arrotza izan baita gure paisaian.
Baina gaur egun? Begira dezagun gure ingurura, zer ikusten dugu? Non dugu zaindu beharreko dibertsitate hori?
Inon ez, monodibertsitatea baino ez dugu bistan, eukalipto basoak. Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, batik bat, euren turismo publizitate propagandarako erabiltzen dituzten irudiak bestelakoak izaten dira, itsasoari begira ateratzen dute argazkia baina atzealdekoa ez dute erakusten, eukaliptoa delako nagusi, zergatik ez erakutsi errealitatea?
Zergatik ezkutatu? Lotsa ematen du ikusteak zertan bihurtu ditugun gure basoak, paisaia, ekosistemak?
Basoak sortzen du euria, ura, hain eskas dugun erreserba naturala. Basoak sortzen du lur aberatsa. Eta eukaliptoak zer ematen digu? Ez du ezer ematen, hartu egiten du: lurra pobretu, ura neurriz kanpo jaso hazteko, erreken emaria gutxitu, hosto pozoitsuak eman lurrari….
Horrela jarraituz gero, laster izango dugu basamortua gure inguruan.
Azterketa katastrofikoa esango duzue, orain dela berrogeita hamar urte esaten zen bezala, aldatzen ez badugu gure egiteko moduak planeta zaborrez beteko dugu, klima aldaketa eragingo dugu, eta? Bada, bagaudela orain dela berrogeita hamar urtetako katastrofean, hurrengoaren zain geratuko gara?
Politikak aldatu behar dira, egiteko moduak ere bai, has gaitezen hurretik, geure etxetik, ingurua aldatzen joateko. Agintarien zain bagaude jai daukagu, demostratu baitute ez-gai direla.
Beste interes batzuen inguruan mugitzen dira. Orain arteko ereduak hauek izan dira: erraustegiak zabaldu, hondakin kopurua gutxitu ez ; abiadura handiko trenak, garraiobide alternatiboak eta hurbilagoak ez, suntsiketa natural txikiagoa sortzen dutenak; superportu proiektuak, Euskal Herria banaketa eta biltegi gunea bihurtu, horretarako autopista, autobiak, infraestruktura gehiago eraiki eta paisaia naturala desagerrarazi; saltoki handiak eraiki, kontsumo gehiago baina, ez bertakoa; baso garapen negargarria, mendia merkantilizatzea eta etekin ekonomikorako baino ez ikustea; energia berriztagarririk ez erabiltzea eta errekurtso fosilak baino ez erabiltzeko aukera bultzatzea...
Kontraesanez beteta dago egiten duten politika, biodibertsitateaz hitz egiten dute eta monolandaketa (eukaliptoa) landatzera bultzatu . Eusko Jaurlaritzaren helburu estrategikotako bat “gure kapital naturala babestea, kontserbatzea eta leheneratzea, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak zainduz” da.
Beste batek “naturaren ezaguera eta kultura sustatzea” du xede.
“Gizartea sentsibilizatzea eta inplikatzea, ingurune naturalak kontserbatzeak duen garrantziaren informazioa sortu eta partekatzea” dute helburu Jaurlaritzak antolatu dituen jardunaldiek.
Ez ote dabiltza berandu, gure inguruetako baso dibertsitatea desagerrarazi dutenean?
Utz diezaiogun eukaliptoak landatzeari etorkizun hobea bizi nahi badugu.