• Febrero
    ERKIDEGOKO AUZITEGI GORENAK LEZAMAKO HAPO ESKUBIDE OSOZ ANULATU EGIN DU
    EGIN DEZAGUN HIRIGINTZA PLAN BERRI ADOSTUA LEZAMARAKO
    Erkidegoko Auzitegi Gorenak eskubide osoz anulatu egin du Lezamako Udalak 2015ean idatzi eta onartu zuen Hirigintza Plan Orokorra –HAPO-. Plan hori onartu zen 11 zinegotzien artetik, EAJ-PNV zinegotzien 6 botoekin baino ez.
    Berria, berez, inpaktantea bada, askoz ere aipagarriagoa da kontuan hartzen badugu Plan horrek bertan behera lagatako Arau Subsidiarioen ordezkoa izan behar zuela. AASS horiek ere EAJ-PNV-ren botoekin baino ez ziren onartu, eta 2009an epaitegi berak, eta 2011an Auzitegi Gorenak, baliogabetu egin zituzten.
    2018an beteko dira 30 urte Lezaman Plan urbanistikorik gabe. Datu horrek pentsa arazi beharko lieke lezamarrei eta denbora horretan Udal gobernuan egon den alderdiari. Orain arte bultzatu diren planak eta proiektuak beti egon dira susmopean, interes orokorrari erantzun baino gutxi batzuen anbizioei erantzun dizkietelako. Horren adibidea Txupetxaren urbanizazioan daukagu, udal agintari gorenaren jardunean kasuarekin erlazionatuta, eta bide batez, sententzia honetan ere aipatu egiten dena.
    Planteatu diren azken 2 Plan urbanistikoek neurri gabeko garapen industriala eta erresidentziala agintzen zituzten, gaurko errealitatetik begiratuta inongo justifikaziorik ez zutenak, eta gainera herriaren ondare naturalaren zati handi bat alferrik galtzen zutenak. Argi esateko, edukien aldetik oso plan eztabaidagarriak zirenak, itsu-itsuan euren promotoreek bultzatutakoak, irregulartasunez josiak, eta, azken finean, horregatik baliogabetzera eraman dituztenak.
    Azken HAPO hori baliogabetzeko Auzitegi Gorenak hainbat irregulartasun hartu du kontuan: Partehartze Planean, Balio Handiko Nekazal Lurrak birkalifikatzeko jarraitu behar den tramite berezian, edo egin behar dena lur-zoru kutsatuak izan daitezkeenekin, edo telekomunikazioaren arloan derrigorrez egin behar diren tramiteetan. Erreferentzia legal guzti horiek ez dituzte errespetatu, eta hori IDOM injenieritzaren esku egon dela Planaren erredakzioa. Gure ustez bere itzala erabili nahi izan dute iritzi publikoa eta epaileen aurrean. Udal diru-kutxatik dirutza ordaintzeaz gain, Udalak epaiketaren gastuak ere ordaindu beharko ditu, sententzian jasotzen den moduan.
    Pozik jaso dugu sententzia hori, baina penagarria iruditzen zaigu herriaren garapena antolatuko duen Plan urbanistikorik gabe segitzea. Gauzak horrela Udal gobernuak bi aukera dauzka:
    Bat, orain arte bezala, kasurik egin gabe, errekurtsoa aurkeztu Auzitegi Gorenean, Madrilen, itxaron sententzia jaso arte hainbat urte, dirutza xahutu, eta, ia seguru, berriz ere epaiketa galdu, oso zaila baita Auzitegi Gorenak Erkidegoko Auzitegi Gorenaren sententziak ezeztatzea.
    Eta bi, gure ustez azken hamarkada honetan egin behar izan zutena: elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat ireki, eta adostu zein Plan Urbanistiko nahi dugun auzokide, elkarte, enpresa, kolektiboen.. artean.
    Hori izango litzateke biderik egokiena egoera horretatik ateratzeko. Seguru gaude hori dela biderik justuena, demokratikoena, laburrena, eta, baita merkeena ere. Lezama Bizirik-ek, orain arte egin duen bezala, ahalegin guztiak egingo ditu norabide horretan.

    Lezama Bizirk