• Agosto
    PETRONOR, ZABALGARBI, BOROA, SMURFFIT, REZOLA...GURE KUTSATZAILE NAGUSIAK KRISITIK ATERATZEN ARI DIRA, TAMALEZ.
    (BERRIA 2017-08-08 / Iñaki Petxarroman )

    Urte batzuetako apalaldiaren ostean, sektore kutsatzaileenek ere gainditu dute krisia, PRTR erregistroaren datuen arabera. Urtero legez, Muskizko Petronor findegia ageri da industriarik kutsatzaileenaren postuan, alde dezenterekin.
    Sektore kutsatzaile batzuei kostatzen zaie burua altxatzea, baina, datuei erreparatuz gero, ari dira pixkanaka euren ekoizpena handitzen. Enpresa horien hazkundeak, ordea, kaltea dakar ingurumenarentzat. Hona hemen PRTR azken erregistroaren datuen inguruko laburpen bat, betiere kontuan edukita datuak enpresek beraiek ematen dituztela.

    PETRONOR, ZERRENDAKO LEHENA

    Muskizko Petronor petrolio findegia da enpresarik kutsatzaileena, azken erregistroaren datuen arabera. Berotegi efektua eta berotze globala eragiten duten gasak ez ezik, bestelako sustantzia toxiko ugari isurtzen ditu airera eta uretara. Esate baterako, 2,27 milioi tona CO2 isuri zituen airera 2015ean. Horrek esan nahi du energia eta industria sektoreak bat eginda —berotegi efektuko gasen erdiak baino gehiago eragiten dituzte bien artean— Petronorrenak direla sektore osoaren isurketen bosten bat inguru. Enpresak apalaldi txiki bat eduki zuen 2010. urtetik aurrera, baina, 2013an, koke planta inauguratu ostean, berriro handitu du ekoizpena eta, harekin batera, baita kutsadura ere.

    CO2rena ez ezik, kalte handia egiten duen nitrogeno oxidoaren (NOx) eragile handia da, handiena horretan ere. 2015ean, 4.286 tona sortu zituen. Hain zuzen ere, gai toxiko hori ozono troposferiko (ozono gaiztoa) bihurtzen da gero, eta eragin oso txarra du herritarren osasunean eta ingurumenean, OMEk berak ohartarazi duenez. Ozono handiko guneetan, arnasketa arazoak eta bestelako gaixotasunak ohikoak izaten dira, bereziki adinekoen eta ume nahiz gaztetxoen artean. Ekologistak Martxan-ek iaz egindako txosten baten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost herritarretik bik arnastu zuten 2016an ozonoak kutsatutako airea, bereziki udaberrian eta udan. Besteak beste, trafikoak, findegiek, erraustegiek, ziklo konbinatuko zentral termikoek eta bestelako konbustio prozesuek sortzen dituzte ozonoaren eragile diren nitrogeno oxidoa eta osagai organiko lurrunkorrak (COV). Ekologistek Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egotzi izan diete «interes eskasa» erakustea ozonoaren aurkako borrokan, nahiz eta herritarrei, basoei eta laboreei kalte handia egin. OMEren arabera, urtero 1.800 lagun hiltzen dira Espainiako Estatuan ozono maila handiko guneetan egoteagatik.

    ZEMENTU FABRIKAK

    2010etik aurrera krisiak gogorren jo zuen sektoreetako bat da zementuarena. Hala ere, eta ekoizpena asko jaitsi bada ere —2015ean, 11 milioi tona porlan kontsumitu ziren estatu espainiarrean; 2007an, berriz, 56 milioi—, Euskal Herriko lau zemento fabrika nagusiek sektorerik kutsatzaileenetako bat osatzen dute. Eta, gainera, ari dira azken urteotako isurketa maila apalak handitzen. Hala, 2015eko datuei erreparatuz gero, Lemoako porlan fabrikak isuri zuen kutsadura gehien atmosferara: 0,45 miloi tona CO2 2012an, 0,18 milioi isuri zituen—. Haren atzetik, Donostiako Añorga auzoko Rezolak 0,3 milioi tona isuri zituen. Esate baterako, fabrika horretan hainbat hondakin errausten ari dira, besteak beste, pneumatikoak eta haragi irinak. Esate baterako, konbustio horretatik eragindako nitrogeno oxido kopuru handiak barreiatzen dituzte porlan fabrikek. Olaztiko fabrikak, esaterako, 437 tona isuri zituen, hau da lau zementu fabriken artean gehien. Azken urteotan bezala, aurten ere lantegi horrek ez ditu ezagutarazi CO2 isurketak PRTR erregistroan. Arrigorriagako plantak, berriz, 0,28 milioi tona CO2 zabaldu zituen airera 2011n, 0,2 milioi bota zituen—.

    PAPER FABRIKAK

    Paper ekoizpenarenak sektore kutsatzaile garrantzitsua da oraindik ere. Hiru tokitan daude fabrikarik kutsatzaileenak: Hernanin, Iurretan eta Zangozan. Karbono dioxido (CO2) isurle garrantzitsuak izateaz gain —Hernaniko fabrikak 0,20 milioi tona isuri ditu, eta Zangozakoak 0,27 milioi—, nitrogeno oxidoa eta sufre dioxidoa erruz zabaltzen dute airera. Horrez gain, uretara karbono organiko totala (KOT), konposatu organiko halogenatuak (AOX), nitrogenoa, kloroa eta ibaien ekosistema eta osasuna hondatzen duten bestelako gai kimikoak botatzen dituzte. Zenbait kasutan, gainera, protestak eragiten dituzte herritarren eta elkarte ekologisten aldetik, besteak beste, usain txarrengatik. Hiru lantegi handienak euren ekoizpena handitzen ari dira, gainera. Iurretako paper fabrikak (Smurffit Kappa Nervion) %20 handitu zuen bere ekoizpena 2014an, 50 milioi euroko inbertsioak eginda. Zangozako fabrikak ere iragarri zuen 2016rako erosi behar zuela makina berri bat ekoizpena heren bat handitzeko. Hernaniko paper fabrikaren jabe Iberpapelek agindu du 180 milioi euro inbertitu eta lantegia berrituko duela, ekoizpena %20 inguru handitzeko.

    GASEZKO ZIKLO KONBINATUAK

    Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren apustua izan ziren 2000ko hamarkadan. Hor sortu ziren gas bidezko ziklo konbinatu handiak: Castejongo bi plantak, Zornotzakoa, Santurtzikoa eta Zierbenako Bahia de Bizkaia-koa. Askotan, herritarren eta talde ekologisten aurkako mugimendu indartsuei aurre egin behar izan zieten, Castejonen eta, bereziki, Zornotzan. Ekoizpen jaitsiera handia izan dute azken hamarkadan. Zierbenako Bahia de Bizkaiak eusten dio hoberen egoerari, eta, horregatik, kutsadura gehien sortzen duen zentral termikoa da. 2015ean milioi bat tona CO2 isuri zituen atmosferara, duela hamar urte baino 0,6 milioi gutxiago. Beraz, berotegi efektuko gasen bigarren sortzaile nagusia da. Panorama ez dute erraza, hala ere, sektorean. 2009an jo zuten goia, eta, ordutik, %75 inguru murriztu da euren jarduera. Castejongo EDP ziklo konbinatuak 3.500 ordu elektrizitate ekoitzi zituen 2015ean, 2009koaren erdia, eta oraindik okerragoa da Castejongo Iberdrolaren eta Boroako zentralen emaitza.

    Espainian ere, egoera zaila bizi dute. Esate baterako, 2008an 95.000 gigawatt-ordu ekoizten zituzten, eta 25.000 inguru baino ez 2015ean: sare elektrikoaren kontsumoaren %35 ase beharrean, %10 baino ez. Ikatzezko zentral termikoek hartu diete gaina, ekoizpena merkeagoa dutelako, nahiz eta kutsatzaileagoak diren.

    ZABALGARBI (ETA ZUBIETAREN MAMUA)

    Hondakinak kudeatzeko eredu gisa agintariek hartu izan duten Zabalgarbi errauste planta da Bizkaiko zentrorik kutsatzaileenetako bat. PRTR erregistroaren arabera, 0,23 milioi tona CO2 bota zuen airera, eta 230 tona oxido nitroso. PRTR erregistroak ez du zehazten zenbat dioxina eta furano sortu zituen, baina bai zenbat eskoria eta errauts. Hain zuzen ere, 54.000 tona eskoria sortu zituen, eta 8.000 tona errauts. Agintariek esan izan dutenaren aurka, Zabalgarbi ez da hondakinak kudeatzeko katearen azken maila. 240.000 tona errausteko aukera badu ere, erretakoaren heren bat uzten du eskoria eta errauts moduan. Hala, 2016an handitzen hasi ziren Artigasko zabortegia (Bizkaiko kutsatzaileena), besteak beste, Bizkaiko erraustegiaren eskoriei leku bat egiteko. Errautsak segurtasun handiko gordelekuetara eramaten dituzte, hondakin arriskutsuak direlako.

    Bizkaiko eredu bera jarri nahi dute abian Gipuzkoan ere. Martxan jartzen badute, Zubietako planta izango da Gipuzkoako hiru enpresa kutsatzaileenetako bat, eta haren eskoria eta errautsetarako —52.400 tona eskoria eta 6.000 tona errauts— ere biltegiak beharko ditu. Gipuzkoako hiru enpresa kutsatzaileenak —Rezola zementu fabrika, Hernaniko paper fabrika eta Zubietako erraustegia— bost kilometroko distantzian metatuko dira.

    ( (PRTR: Enpresa kutsatzaileen erregistroa)







    Lezama Bizirk