• Marzo
    Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako neurriak ez dira nahikoak Kolore Guztietako Basoak plataformarentzat

    KOMUNIKATUA (Kolore Guztietako Basoak )
    KOLORE GUZTIETAKO BASOAK ekimena Bizkaian egi bihurtzeko gero eta urrunago
    KOLORE GUZTIETAKO BASOAK izeneko plataformak, azken 8 hilabeteetan Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Natural Sailarekin egindako negoziaketen ondoren, publikoki adierazi nahi du Foru Administrazio honi proposatu zaizkion neurrietatik gutxi batzuk soilik ezartzeko konpromezua hartu duela.
    Bizkaiko basoen egoera
    Bizkaiko baso estalduraren %74,5a pinu eta eukaliptu landaketak dira. Bertako basoek beraz basoen %25,5a baino ez dute estaltzen, eta gainera fragmentazio maila handia dute.
    Bizkaiko lur publikoen %69a (21.500 ha) pinu eta eukaliptu landaketak dira.
    Lursail pribatuen %76a pinu eta eukaliptu landaketak dira.
    Eukaliptu landaketek000 ha estaltzen dituzte, horien artean 2.700 ha lursail publikoetan daude.
    Azken 11 urteetan eukaliptu landaketak 4.300 ha-tan hazi egin dira.
    Bizkaian ez dago ganorazko baso misto edo hariztirik.
    Sarrera
    Ihazko 2017ko ekainan, KOLORE GUZTIETAKO BASOAK plataformak baso kudeaketarako proposamena aurkeztu zien Lucia Isla Llona Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Inguru Natural Sailekoa den Nekazaritzako Zuzendari Orokorrari eta Aldundiko Mendi Zerbitzuetako Zuzendaria den Carlos Uriagerekari. Proposamen honek landaketa monoespezifikoen krisiari aurre egin nahi dio bertako basoa berreskuratuz, azken urteetako baso kudeaketan joera larria antzematen delako, Pinus radiata pinuaz estaliriko azalera handiak moztu ondoren eukaliptu espezie ezberdinez ordezkatzen direlako, espezie exotikoen monokultiboaren politikarekin jarraituz.
    Aste batzuk beranduago, 2017ko urriaren 24ean, plataforma honek proposamen hau publikoki aurkeztu zuen, basoarekin lotura duten arlo akademiko, elkarteetako, enpresetako eta profesionalen babesarekin batera, baina baita kultura munduko hainbat pertsonalitatek ere. Aipatzekoa da UPV/EHUko 3 sail osok babesa eman dutela, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak, Bizkaiko Basozainen Elkarteak edota kultura alorreko ezagunak diren Toti Martínez de Lezeak, Ana Urrutiak edo Eduardo Iturralde Gonzálezek, besteak beste. Bizkaiko gizartearen lagin honek baso sektorearen dibertsifikazioa du helburu, bertako basoari bultzada emanez, bai Kontserbazioara Bideraturiko Basoen bidez zein kalitatezko egurra ekoitziko duten Naturatik Hurbileko Baso Ekoizleak sortuz.
    Egon badago irtenbiderik pinu eta eukaliptu landaketei, eta horrela erakusten dute hainbat europar herrialdeetako baso politikek, non monolandaketa intentsiboak alde batera utzita baso ustiaketa sistema berria ezarri zuten, baso soilketa edo “matarrasen” bidezko mozketak baztertuz eta lurzorua ezinbesteko baliabide legez babestuz. Sistema honi Naturatik Hurbileko Baso Kudeaketa deritzo.
    Lurzorua landareen aktibitaterako oinarrizkoa da, eta hartara ekosistema osoaren dinamika egokirako ere. Basogintzan erabilitako espezie eta ustiaketa metodoen bidez lurzoruari sakonera eta apaztasuna kentzen badizkiogu, hamarkada gutxitan bertan izango ditugun zuhaitzak ahulak eta osasun egoera txarrean egon litezke, bai izurriteei zein landare espezie inbasiboei edo suteei aurre egiteko ahalmen gutxiagorekin eta lubiziak pairatzeko aukera handiagoarekin. Iraunkortasunaren bidean gure mendien dibertsifikazioa bilatu behar dugu, era horretan edozein aldaketari aurre egiteko basoak lortuko bait ditugu, baina errentagarritasun ekonomikoa bermatuz gainera.
    Bestalde, gure proposamenaren bigarren zutabe nagusia biodibertsitatearen emendioa eta berreskuratzean datza. Horretarako Kontserbaziorako Basoen sarea sortu nahi da, lurralde osotik zabalduko dena eta bizkaitar guztionak diren Ondarezko Mendietan izan behar ditugunak.
    Biodibertsitatea da etorkizunean etor litezkeen hainbat arazori aurre egiteko irtenbidea eta ekosistemen funtzionamendu egokirako gakoa. Ordea, landaketa monoespezifikoak formazio ezegonkorrak direla ikusi izan da epe ertainean, batik bat jasan duten biodibertsitatearen galeragatik eta beraien ustiaketan erabilitako metodoengatik. Baso soilketak sail bateko aldibereko zuhaitz guztien mozketa dakar, eta hau ziklikoki gertatzen da, 12 urterik behin eukaliptu landaketetan eta 30-40 urtero pinudietan. Metodo honek biodibertsitatea biluztu egiten du: pentsa dezagun une batez itzaletan bizitzera ohituta dauden organismoei zer gerta dakieken zuhaitz guztiak kentzen diegunean.
    Gure proposamenarekin Aldundiari eskatu nahi diogu basoen dibertsifikazioaren arduradun, sustatzaile eta ekintzaile izatea. Erronkei aurre egiteko Bizkaiak duen zena erabiliz, berrikuntza eta berritzaile izatea eskatzen diogu, eta hau gizartearekin eta gizartearentzat eginez. Gure basoak dibertsifikatzea ezinbestekoa dugu, bai ingurumenaren aldetik baina baita ikuspuntu ekonomikotik, basogintza sektoreak egun duen indarra etorkizunean ere izan dezan .
    Honegatik guztiagatik Foru Aldundiari eskatzen diogu berak kudeatzen dituen Ondarezko zein Onura Publikoko Mendietan ezarri ditzala alde batetik Kontserbaziorako Basoak eta bestetik martxan jar dezala Naturatik Hurbileko Baso Kudeaketa. Modu berean, Naturatik Hurbileko Basogintza eredu hau jabe pribatuetara heldu dadin beharrezkoak diren bideak eta dirulaguntza espezifikoak ezartzea eskatzen diogu.
    Aldundiak KGB proposamenetik onartu eta baztertu dituen neurriak
    Lehenik eta behin aipatu behar dugu tamalgarria dela Aldundiak gure basoen egoerari buruz egiten duen analisia, gurearekiko nahiko kontrajarria. Administrazio honek esaterako ez du arazotzat jotzen egun erritmo azkarrean ematen ari den aldaketa, pinu landaketak eukaliptu landaketengatik ordezkatuz. Edota gure basoetako lurzoruek soilketa eta “matarrasen” ondorioz jasaten dituzten higadura prozesu larriek ez ditu arduratzen, baina ezta Bizkaiak sufrituriko biodibertsitate galera ere. Larritu egiten gaitu benetan gure baso eremuarengan erabakitzeko eskumena duen administrazio publikoak arazo hauen aurrean duen ardura eta sentsibilitate falta ikusteak.
    Egungo egoeran Naturatik Hurbileko Basogintzan aritu nahi duen jabe pribatuak ezin du dirulaguntzarik eskatu ere egin, orain arte laguntza hauek adin bereko zuhaitzak, aurretik derrigorrez landatuak izan behar dutenak eta soilketa bidezko mozketaz ustiatuta izatera bideratuta bait daude.
    Alde hortatik Administrazioa prest dago Naturatik Hurbileko Baso Kudeaketa ezarri nahi duten jabe pribatuentzako dirulaguntza lerroa sortzeko elkarlanean, 2018ko bukaerarako jadanik egongo dena.
    Aldundiko arduradunek onarturiko beste neurria landatzeko moduari dagokio. Ondarezko zein Onurazko Mendietan egiten diren landaketak ez dira lerrokatuta egingo baizik eta eskema organikoen bidez egingo dira. Beraz epe laburrean egingo diren landaketetan neurri honen ezarpena espero dugu.
    Hala ere, balorazio objetiboa eginez ohartu behar gara gure proposamenaren funtsa eta neurrien hiru laurdena bertan behera geratu direla, Aldundiak ez dituelako onartu nahi. Lehenik eta behin, bizkaitar guztionak diren eta egur ekoizpenera bideratuta dauden mendi publikoetan Administrazioak ez du Naturatik Hurbileko Basogintza ustiaketa eredu nagusi gisa ezartzeko beharra ikusten. Hortaz, mendi hauetan orain arte darabilen soilketa bidezko mozketak erabiltzen jarraituko du, metodo honek biodibertsitatearen zein lurzoruaren galera itzela eragiten duela jakin arren.
    Bigarrenik, harritu egiten gaitu Bizkaiko basoetan dagoen biodibertsitate krisi nabarmena egonda nola Aldundiak ez dituen Kontserbaziorako Basoak sortzen bizkaitar guztionak diren Ondarezko Mendietan. Erabaki eza honek aditzera ematen du mendi hauetan ere soilketa metodoarekin jarraituko dutela.
    Azkenik, Aldundia ez dago prest udalerri askok jabe partikularrekin sinatuta dituzten konsortzio kontratuak bertan behera uzten, jabe pribatu horiek Onurazko Mendi Publikoetan interes pribatuarekin eukaliptuak landatu arren, hain zuzen Inguru Naturala babestu eta hobetzeko asmoz izendatu ziren lurretan. Egoera honek Mendi Publikoaren “pribatizazio” egoera larria eragiten du.
    Laburbilduz, Kontserbaziorako Basoen eta Naturatik Hurbileko Baso Ekoizleen ezarpenerako ezinbestekoa izango da Foru Aldundiaren aldetik bultzada egitea. Aldundiak proposameneko neurri gutxi batzuk baino ez ditu onartu, eta Bizkaian baso kudeaketa eredu berriaren sustatzailea izateko aukera alde batera utzi du proposamen orekatu eta errealista honi uko eginez.
    Honegatik guztiagatik KOLORE GUZTIETAKO BASOAK plataformako kideak herririk herri abiatuko gara ekimen hau aurkezteko asmoz eta berau ezagutzen duen edonor ongietorria izango da elkarlanean aurrera eraman dezagun. Elkarteei eta erakundeei gurekin kontaktuan jartzeko deialdia luzatu nahi diegu KOLORE GUZTIETAKO BASOAK proposamenaren aurkezpenak antolatu asmoz Bizkaiko herri eta auzoetan.
    Baso jabeen elkarteei ere luzatu nahi diegu gure proposamena, kudeaketa eredu alternatibo honen aukeraz jabetu eta interesa izatekotan Administrazioari jakinarazi diezaioten. Honela dirulaguntza espezifikoen ezarpenaren aldeko indar eginez, formakuntza ikastaroak eta bestelako neurriak har ditzan Aldundiak, beti ere basogintza eredu honek baldintza berdinetan jokatu dezan.
    Udaletxeek ere duten papera azpimarratu nahi dugu eta beraien Onurazko Mendi Publikoen kudeaketa bereganatzeko deialdia egin nahi diegu ere. Lurralde antolamendu egokia egin dezaten lurzorua, biodibertsitatea, uraren zikloa eta klima bera kontserbatzearen alde, beti ere antolamendu hoietan Kontserbaziorako Basoak eta Naturatik Hurbileko Baso Ekoizleak sortuz.
    Elkarlanean badihardugu posible izango dugu baso osasuntsu, dibertso eta ekoizleak gure ondorengoei uztea.
    Eskerrik asko!
    KOLORE GUZTIETAKO BASOAK
    (Ekologistak Martxan el karteak argitaratua)
    Lezama Bizirk